Etxeko garbiketa, Josketa (11)


{module Ganbara_garbiketa|none}


Gaur egun, arropa- garbigailu automatikoak erabiltzen ditugu, eta baita lehorgailuak ere, baina 1940-50eko hamarkadan eta lehenago, errealitatea oso desberdina zen.

Garai haietan arropa garbitzeko arraildun ohola, balde handi bat bete ur eta xaboia erabiltzen ziren. Xaboitutako arropa oholaren kontra behin eta berriro igurtziz, eta ondoren uretan eraginez garbitzen zen. Toki askotan harraska publikoetan ere egiten zen garbiketa, baina horietan ohola harrizkoa izaten zen. Gobada ere egiten zen; hau da, arropa zuritzeko erabili behar zen urari errauts ugari botatzen zitzaion eta maindire batez iragazten zen. Anil-hautsa ere gehitzen zitzaion.

Etxeko garbiketarako erregina lixiba zen, ez baitzegoen detergenterik.

Merkatuan bazeuden hainbat asmakuntza; esaterako, hutseko arropa-garbigailua. Tresna horrek baldean zeuden xaboitutako jantziak eragiten zituen, uretatik azkar atera eta sartuz.

Eta azkenean azaldu zen estreinako arropa-garbigailu elektrikoa, oso sinplea, bidoi itxurakoa eta urari eragiteko beso (hegal, gurutze) bat zeukana. Tresna horrek ura berotzen ez zuenez, zuzenean txorrotatik ur beroa isuri behar zitzaion; hustu, berriz, harraskan egiten zen, horretarako erantsita zuen bonba baten laguntzaz. Denbora ere ez zuen kontrolatzen, baina, hala ere, aurrerapen handia izan zen, eskuz egin beharreko lan gogorra aurrezten baitzuen.

Egurrezko zorua urez garbitzen zen eta, ondoren, alanbrezko espartzua pasatuz kentzen zitzaion argizari zaharra, atzera berria emateko. Horretarako propio argizaria emateko makila berezia erabiltzen zen. Etxe batzuetan tresna hori argizari-makinak ordezkatuko zuen, denbora gutxian ordea, berehala azaldu baitzen zolarako berniza, edo pinki ere deitua.

Etxe haietan sagu eta intsektu izurriteak ohikoak izaten ziren eta horiei aurre egiteko hainbat tramankulu erabiltzen zen, batzuk egun baliatuak oraindik.

Josten zen; mahai-zapiak, izarak, jantzietan inizialak brodatzen ziren; artilezko arropa trikotatzen zen; galtza barrenak mozten ziren; galtzerdiak pasaratzen ziren…

Lehen lixagailu elektrikoak azaldu ziren ere, josteko makinen erabilera zabaldu egin zen…

Esan beharrik ez dago egiteko hauek guztiak emakumezkoek ateratzen zituztela aurrera, industriaren sormenak neurri batean, behintzat, zama hori arintzen lagundu bazuen ere, merkatuan eta, ondorioz, etxeetara asmakuntza handi horiek helaraziz.

AHM-Altzako Historia Mintegia (1996-2019) - ahm [arroba] altza.net - 649 496 607