Etxeko konforta (8)


{module Ganbara_confort|none}


Etxebizitzak berotzeko modurik ohikoena sua zen, sukaldeari izena ematen dion elementua. Lehenik beheko sua izan zen eta ondoren ‘ekonomika’ edo ‘txapa’ deiturikoa, ur beroa eskaintzeko gai zena eta jatorri industriala zuena. Beheko suak egongeletan ere egon ohi ziren, eta horietan egurra erre ohi zen. Etxe handietan bat baino gehiago izan ohi ziren.

Burdinazko berogailuak ere ohikoak ziren eta aurrekoekin batera erabiltzen ziren. Eta baita xumeagoa zen beste asmakizun bat ere, sutontzia. Txingarrez betetzen zen metalezko ontzia zen, eta zapi zabal batez estalita zegoen mahai borobilaren azpian jartzen zen. Kobrezkoak, brontzezkoak edo, xumeenak, burdina-txapazkoak izan ohi ziren. Mahaiaren inguruan esertzen ziren etxekoak, zangoak berotuz, eta baita gorputza ere, hein batean behintzat. Hori bai, bizkarra berotzerik ez zuen lortzen...

Baina asmakizunak asmakizun, neguan etxeak hotz izaten ziren, eta oheratzerakoan, ohatzeak izoztuta egoten ziren. Urteak aurrera joan ahala, oheak berotzeko tresna industrial berriak agertu ziren, labean berotuta ohatzean sartzen zen adreilu hura baino tresna garatuagoak berauek.

Etxe aberatsenetan berokuntza zentrala izan ohi zuten, ikatz-galdarak berotua eta ur bidezko erradiadorez hornituak. Horrek eskatzen zuen instalakuntza zainduko zuten langileak izatea. Hori baino merkeagoa zen hiri-gas bidezko erradiadorea, gas lantegia zuten hirietan bakarrik zegoena. Horietako etxe batzuetan, argindarraren agerpena baino lehen, argia ere gasaren bidez lortzen zen. Bistakoa denez, airea txartzen zuen gelak berotu eta argitzeko gasa erabiltzeak.

Argindarraren agerpenarekin mota guztietako berogailuak eskainiko ziren, erresistentziak berotu edota argi infragorriak irradiatzen zituztenak.

Eta udan, beroa arintzeko, edari hotzez gain, haizagailua adina asmakizunik ez zegoen.

AHM-Altzako Historia Mintegia (1996-2019) - ahmaltza.net - 649 496 607