Donostia Kulturak eta Altzako Historia Mintegiak egitarau oparoa osatu dugu apirilak 11tik 20ra bitartera naturari begirada bat eskaintzeko.
Antolatutako lehenengo jarduera AltzaNatura deituriko hitzaldia da, Herrerako EPAn apirilaren 11n, ostegunean 17.30ean ospatuko dena. Marko Sierraren eskutik, Altzako geologia, iraganeko paisaia nolakoa zen, gaur egungo habitat ezberdinak eta gurekin batera bizi diren landare eta animaliak ezagutzeko aukera egongo da. Hitzaldiaren ondoren, bisita gidatua egingo zaio Herrerako EPAn (Auzotegi) apirilaren 8tik ikusgai egongo den AltzaNatura erakusketara. Bertan, iaz elaboratu genituen panel informatiboak egongo dira ikusgai, Altzako ingurune naturalaren eta Molinaoko naturgune interesgarriaren interpretazioa eskaintzen dutena.
Larunbatean apirilak 13, mendiko botak jantzi eta gurekin batera Molinao errekatik zehar ibilaldia egitea proposatzen dizuegu. Casares Kultur etxetik 9.30ean abiatuko gara eta oraingoan ibaiertzeko ekosistema ezagutzeaz gainera, erreka garbituko dugu kutsatzen duten zaborrak jasoz. Urgardeneko kideak ere parte hartuko dute ekintza honetan eta Gipuzkoako ibaiak garbitzen duten esperientzia gurekin partekatzeko aukera izango dugu.
Errekaren garbiketa ostean, Molinao parkeko aisialdi gunean hamaiketakoa egin eta 27 haltza landatzeko asmoa dugu.