Skip to main content

Atzo, martxoak 21 arratsaldean, Casaresen, AHMko 28 bazkide bildu ginen elkartearen urteko Batzarra egiteko. Legezko formaltasuna betetzeaz gain, batzarra, batez ere, egindakoaz, egiten ari garenaz eta etorkizunaz hitz egiteko topagunea izan zen, bileran parte hartu zutenen iruzkinekin, balorazioekin eta ekarpenekin aberastuta.

Estibaus buletina, Batzarraren hasieran banatua eta blogean iaz argitaratutako sarrerak bere orrialdeetan biltzen dituena, elkartea murgilduta dagoen jardueraren isla zehatza da, eta 2023. urteko memoria eta balantzea egiteko gida izan zen. Hemen deskarga daiteke, Pdf formatuan.

Batzarreko partaideen eta elkartea osatzen duten 191 bazkideen berotasunak eta babesak, utzi gaituztenen adiskidetasunaren eta lanaren memoria -iaz, Ángel Calvo, Vicente Indaberea, Joan Mari Irigoien, Jose Mari Cendoya-, bai eta jardueren garapenean aurkitzen ditugun babesak eta sinpatiak ere, martxan dauden proiektuei jarraipena emateko eta erronka berrietan pentsatzeko beharrezko energia ematen diote AHMri. Elkarrekin bidea egiten jarraituko dugu.