Tomasenen, otsailaren 6tik apirilaren 3ra arte “Aldaketen garaiak (70eko eta 80ko hamarkadak)” erakusketa ikusteko aukera izango da. Izenburu horrekin lotuta, Altzako Tokiko Bilduman dauden dokumentuen lagin txiki bat jaso dugu. Argazkiak, aldizkariak, egutegiak, eranskailuak, bideoak…, horietako asko berriki katalogatuak, 70eko eta 80ko hamarkadetan izandako aldaketen berri ematen digutenak.
Altzako Tokiko Bilduma Donostia Kulturak eta Altzako Historia Mintegiak sortutako dokumentazio zerbitzua da, Altzaren dokumentu-ondarea bildu, zaindu eta ezagutarazteko xedea duena. Bilduman mota eta eduki anitzeko dokumentuak daude (artxibo dokumentuak, argazkiak, prentsako kronikak, mapak, ikus-entzunezkoak…) eta egoitza Casares kultur etxean dauka. Bertan eskaintzen da kontsulta zerbitzua, ostegun arratsaldetan, 17:30 eta 20:00 ordu bitartean, baita Interneten ere, www.altza.info webgunearen bitartez. Une honetan 23.000tik gora dokumentu biltzen ditu, eta horietatik 19.600 baino gehiago eskuragarri daude webgunean. Webguneak azken hamabi hilabeteetan 92.289 bisita izan ditu.





