Santa Barbarako lokal berrian, Centauroan egiten zituzten mendi irteerekin jarraitzeaz gain, euskal dantza talde bat jarri zen martxan.
Jarduera honen hasiera nahiko kasualitatez eman zen. Pepi Morenok gogoratzen duenez, arratsalde batean Gazte-Lekuko zuzendaritzako hainbat kide Jose Ignacio Goñi presidentearekin bildu ziren Pasaiako Alkartasuna dantza taldearen lokalean. Bilera zuten aretoko hormetan dantzaldietan erabiltzen ziren soineko ezberdinak zeuden ikusgai. Pepik haiei begira eman zuen bilera osoa. Amaieran, Alkartasuneko kide bat hurbildu zitzaion, ea gustatzen zitzaizkion galdetuz. Asko, baina batez ere bere ilusioa dantzatzea izango zela erantzun zuen. Elkarrizketa horren ondorioz, proposatu zieten Gazte-Leku elkartean talde bat antolatzen bazuten Alkartasuneko pertsona batek taldea irakasteko eta abian jartzeko konpromisoa hartuko zuela.